2024(e)ko urtarrilaren 23(a), asteartea

Zistertarren zenbakitze-sistema Erdi Aroan








Zistertar Ordena (latinez: Ordo cisterciensis) ordena monastiko katolikoa da, 1098an sortutakoa. Urte horretan San Benediktoren erregela zorrozki bizi nahi zuten beneditar fraide batzuek Cîteauxko abadia (Saint-Nicolas-lès-Cîteaux, Burgundia) eraiki zuten, Dijon ondoan. Zistertarrak sortu eta berehala iritsi eta zabaldu ziren Euskal Herrian: Fitero, Irantzu, Oliba, Leire eta abar.

Monje zistertarrek zenbakien sistema bat garatu zuten XIII. mendean, eta Europa osoko monasterioetan erabilia izan zen gutxienez bi mende gehiagoz. Garai horretan arabiar indiar zenbaki berriak zenbaki erromatarren aurrean nagusitzen ari ziren, baina mendeak igaroko ziren oraindik guztiz onartuak izan baino lehen.

Zenbaki arabiarrek eta erromatarrek ez bezala, edozein zenbaki irudikatzeko ikur bakarrari esker lortzen da zistertarren zenbakien sistemaz. Baina, zenbaki erromatarrek bezala, ez ziren biderkatzeko edo zatitzeko aproposak, eta, horrek ekarri zuen azkenean zenbaki arabiarrak nagusi atera izana (gogoratu Zenbakien Oinarrizko Teoremaren funtsa polinomio bat dela).

Zenbaki zistertarrak idazteko, marra bertikal batetik abiatuko gara eta ardatz horren muturretatik beste marra batzuk aterako dira angelu desberdinekin (angelu zuzen, zorrotz edo kamutsa). Ardatz bertikalak bi mutur ditu, eta horren arabera:
  • Ardatzaren goiko muturretik eskumara unitateak izango ditugu (1etik 9ra)
  • Ardatzaren goiko muturretik ezkerrera hamarrekoak izango ditugu (10etik 90era)
  • Ardatzaren beheko muturretik eskumara ehunekoak izango ditugu (100etik 900era)
  • Ardatzaren beheko muturretik ezkerrera milakoak izango ditugu (1000tik 9000ra)

Zistertar Zenbakien Sistemaren zifrak

Zenbakiak idazteko eta irakurtzeko, milako > ehuneko > hamarreko > unitate sekuentzia jarraitu behar da. Behe-ezker erpinetik hasita, behe-eskuin erpinera heldu, gero goi-ezkerreko erpinetik pasatuz goi-eskuin erpinean bukatu. Irudia ikusi:

Sinbolo bakar baten bidez zenbaki handiak adieraz daitezke

Oso zenbaki estetikoak izan arren, biderkatzeko edo zatitzeko ez zuten balio

Goiko irudiak BBC News | Mundo aldizkari digitaletik hartu dira. Gehiago jakiteko, hona hemen jatorrizko artikuluaren helbidea: https://www.bbc.com/mundo/noticias-54892855.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Iruzkinen bat idazteko Google-ko kontu bat behar duzu. Iruzkin guztien moderazio-ardura blogeko administratzaileari dagokio.