2023(e)ko azaroaren 14(a), asteartea

Gaitu proiektua | Adimen artifizialak euskaraz egin dezan

Gaitu proiektua. Erronka berri bat dugu: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu. Horretarako, milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz.

Irudiaren gainean klik egin proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko

Zure ahotsa garrantzitsua da. Ahots asko eta askotarikoak behar ditugu: adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Eta zurea ere bai.

Guztion artean sortzen ari garen ahotsen datu-basea, gero enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko, euskaldun guztion onurarako. Izan ere, biltzen ari diren datu-sorta guztiek CC-0 lizentzia (Creative Commons Zero) daukate, hots, jabetza-eskubidea gizateriari bere osotasunean dagokiola zehazten duen lizentzia da.




Ondoko irudian adierazten den bezala, laguntzeko hiru bide daude:

  • Hitz Egin: norberaren grabazioak egin eta bidali
  • Entzun: besteen grabazioak entzun eta balioztatu
  • Idatzi: norberaren esaldiak osatu eta bidali
Ahotsak biltzerakoan bi zeregin daude: Hitz Egin eta Entzun.
Esaldien biltze-lana ere gizarteak egingo du
Idatzi aukerari esker

Laguntzeko hiru bide horietarik nahi duzuna hauta dezakezu. Sistemaren funtzionamendua ezagutze aldera, baliteke onena izatea Entzun aukeratik hastea, ahotsak biltzeko gidalerroak astiro irakurri eta 5 grabazioen sorta bat balioztatu (lau eginkizun posible: BAI, EZ, Saltatu, Salatu).

Gero, Hitz Egin aukera hautatu eta ahotsak biltzeko gidalerroak atalean irakurritakoa ahaztu gabe, grabatu ahalik eta esaldi gehien (bost eginkizun posible: HASI GRABAZIOA, Grabatutakoa entzun, Grabazioa errepikatu, Saltatu, Salatu). Oso erraza da, adibidez:

Irudiaren gainean klik egin grabazio sorta bat egiteko

Azkenik, zure esaldiak gehitu ahal dituzu datu-basera Idatzi aukera hautatuz, esaldiak biltzeko gidalerroak irakurtzea komenigarria da. Esaldia idazteko kutxa bat aurkituko duzu eta bere azpian bigarren kutxa bat esaldairi dagokion aipamena aitortzeko.

Batu ditzagun gure ahotsak, teknologiari euskaraz irakasteko. Ekarpen polita egingo diogu gure hizkuntzaren eta kulturaren garapenari.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Iruzkinen bat idazteko Google-ko kontu bat behar duzu. Iruzkin guztien moderazio-ardura blogeko administratzaileari dagokio.